viernes, 6 de marzo de 2015

Durangoko elkarteek indarkeria matxistaren kontra egin dezaketeenaz hausnartu dute

Anboto 2015-03-05 10:34   Herririk herri  Durango
Emakumeen kontrako indarkeria denon erantzukizuna da. Beraz, elkarteetatik zer egin daiteke horren kontra? Galdera horri erantzuteko, Durangoko elkarteei bideratutako hitzaldia eskaini zuten Andereak elkarteko Mertxe Arratibelek eta Miren Sarrionandiak martitzenean, Pinondo Etxeko areto nagusian.


Hitzaldia ez zen gomendioetara mugatu. Andereak taldearen helburua elkarteekin elkarlanean aritzea da; indarkeria matxistari aurre egiteko sare zabal eta eraginkorra sortzea, elkarte batek bestea elikatzeko.
Durangoko hainbat elkarte batu ziren hitzaldira: besteak beste, Durango Kirol Taldea, Uztai, Geu Be eta Zabaltzen elkarteak. Apirilean ildo bereko beste hitzaldi bat antolatuko dutela aurreratu zuten, eta berriro ere Durangoko elkarte guztiei luzatuko diete gonbita.
Indarkeria matxistak aurpegi asko ditu; eraso fisikoak, bortxaketak, oihuak, mehatxuak, hilketak… Arratibelen berbetan, “eredu patriarkalean oinarritutako gizartearen azken ondorioak lazgarriak dira, ikusten dena icebergaren tontorra besterik ez da”. Baina badago beste indarkeria mota bat, ikusten ez dena edo ikusteko hain erraza ez dena, normaltzat hartzeko joera duguna, gizartean normaltasunez ematen delako. “Sarritan, gizartean indarkeria matxista modu zolian agertzen da, natural bihurtu delako, eta beti ez da erraza identifikatzea”. Publizitatean, umorean, hizkuntzan… Egunerokotasunean ematen dira, etengabe, eta zelanbait indarkeria mota bortitzagoaren sostengu edo erregai dira: “Sarritan ez dira intentzioz egiten. Heziketa kontua da, eta horrela irteten da. Horregatik, garrantzitsua da, lehenengo, horretaz jabetzea eta, ondoren, ‘nahikoa da’ esatea”.
Horren guztiaren aurrean, “inguruko pasibotasuna apurtzea” da elkarteek hartu beharreko jarrera: “Arazo sozial bat da, eta horren kontzientzia hartu eta zabaldu behar da; garrantzitsua da herritarren inplikazio pertsonala sustatzea”. Horregaz batera, tratu txarra ematen dutenekin eta erasotzaileekin “zero tolerantzia” izan behar dugu, “inpunitateagaz apurtzeko”. Horregaz batera, gizon eta emakumeen arteko erantzukizun partekatua sustatzen ere ahalegindu daitezke elkarteak.
Elkarteetako egituretan, erabakimena duten karguetan landu beharreko beste atal bat emakumeek duten presentzia da, edo, hobeto esanda, presentziarik eza. Mundu mailako erakunde inportanteenetatik hasita (Ibex 35, Greziako Syriza presindetearen gobernu taldea…) herri mailako elkarteetaraino.
Andereaken bitartekari lana
Indarkeria matxista jasan duten emakumeei sostengua emateko Andereak elkarteak dituen baliabideen berri eman zuten hitzaldian. Andereak Tartekari Sareko kidea da. Tartekari Aldundiak 2012an abiatutako programa da. Askotan, tratu txarrak jasan dituenaren eta erakundeek arazo horietara bideratuta dituzten bitartekoen arteko lotura falta izaten da. Herrietako elkarteetan bilatu dituzte bitartekariak. Horregatik, Andereak elkarteak boluntario bi ditu, emakumeei babesa, laguntza eta orientazioa eskaintzen dietenak. Hartu-emanetarako 688 871 627 telefonoa eta andereak@hotmail.com helbide elektronikoa dituzte.
WWW.ANBOTO.ORG

No hay comentarios:

Publicar un comentario