“Neskatxa politen amek, mutil zantarren beldurre”, dio kopla zaharrak.
Aspaldikoa izango da kopla hau, nire amamaren amak be kantatzen zuen-eta.
Emakumeon bizimodua asko aldatu da gure arbasoen sasoitik ona. Pausu
handiak eman ditugulakoan gaude berdintasun arloan, baina mutil eta
gizon zantarren beldur gara oraindik be.
Atzo, pozarren nengoen
Iurretan plazan dantzarien saioa ikusten. Neska eta mutil dantzariak
aurtengoan. Bagoaz aurrera pentsatzen nuen neure kautan, ahalegina ez da
alferrik izan, parekotasuna heldu da. Gogoeta gozo horretan murgildurik
nengoen harik eta mezu bat jaso nuen arte. Mezuan, goizean Durangon
izandako sexu erasoaren berri eman zidan lagun batek. Handik laster
kontzentraziorako deia beste batek. Zer da hau? Noiz arte baina?
Indarkeria matxista hau ez ote da inoiz amaituko?
Egunero ogia
dirudi honek. Heriotzak maizegi, atzo Madrilen eta Valentzian. Erasoak
oraintsu Bilbon, Getarian, Tolosan…eta Durangon. Ai ama!.
Gizonen
erasoak mendeetan jasan ditugu. Gure aurretiko emakume asko sutan erre
zituzten inkisidoreek, Zugarramurdin zein Durangon, sorginak zirela
esanez. Eliz gizon asko etsai izan ditugu mendeetan, baita eliz gizonak
ez direnak ere.
Zer dugu bizitza gure erraietan sortzeko gai
garen emakumeok gizonengandiko hain errespetu gutxi merezi izateko?
hainbesteko mespretxua jasotzeko? Zer dauka 27 urteko mutil batek bere
barnean sexu eraso bati ekiteko?.
Protesta eta aldarrikapenek
zerbaitetako balioko dutelakoan, urteak daramatzagu ostegunero Andra
Mariko elizpean pankarta atzean. Urtero antolatzen ditugu ekintzak
arazoaren 25ean eta matxoaren 8an baina, erasoak gertatu direlako
berriak entzutean inpotentzia, ezintasuna eta etsipena sentitzen ditugu.
Heziketak
emakumeon egoera aldatuko zuen itxaropenean be bizi izan gara luzaro.
Egia esan heziketak ate asko zabaldu dizkigu. Neurri baten,
bazterkeriarako giltza den ezjakintasunetik libratu gaitu. Baina
zoritxarrez heziketak ez gaitu oraindik indarkeria matxistatik libratu.
Badugu zer jorratu arlo horretan be.
Halan da ze, gizon zantarrak solte dabiltzan bitartean, ZUTIK EMAKUMEOK.
Indarkeria
matxistaren aurrean: ezin dugu etsi, baizik eta borrokari eutsi, bihar
edo etzi. benetan gura badugu, askatasuna jadetsi.
Marisa Barrenaren sutabea "Beldurra"
www.durango.com 2013/09/29