lunes, 30 de septiembre de 2013

"Beldurra" de Marisa Barrena

“Neskatxa politen amek, mutil zantarren beldurre”, dio kopla zaharrak.

Aspaldikoa izango da kopla hau, nire amamaren amak be kantatzen zuen-eta.
Emakumeon bizimodua asko aldatu da gure arbasoen sasoitik ona. Pausu handiak eman ditugulakoan gaude berdintasun arloan, baina mutil eta gizon zantarren beldur gara oraindik be.

Atzo, pozarren nengoen Iurretan plazan dantzarien saioa ikusten. Neska eta mutil dantzariak aurtengoan. Bagoaz aurrera pentsatzen nuen neure kautan, ahalegina ez da alferrik izan, parekotasuna heldu da. Gogoeta gozo horretan murgildurik nengoen harik eta mezu bat jaso nuen arte. Mezuan, goizean Durangon izandako sexu erasoaren berri eman zidan lagun batek. Handik laster kontzentraziorako deia beste batek. Zer da hau? Noiz arte baina? Indarkeria matxista hau ez ote da inoiz amaituko?

Egunero ogia dirudi honek. Heriotzak maizegi, atzo Madrilen eta Valentzian. Erasoak oraintsu Bilbon, Getarian, Tolosan…eta Durangon. Ai ama!.

Gizonen erasoak mendeetan jasan ditugu. Gure aurretiko emakume asko sutan erre zituzten inkisidoreek, Zugarramurdin zein Durangon, sorginak zirela esanez. Eliz gizon asko etsai izan ditugu mendeetan, baita eliz gizonak ez direnak ere.

Zer dugu bizitza gure erraietan sortzeko gai garen emakumeok gizonengandiko hain errespetu gutxi merezi izateko? hainbesteko mespretxua jasotzeko?  Zer dauka 27 urteko mutil batek bere barnean sexu eraso bati ekiteko?.

Protesta eta aldarrikapenek zerbaitetako balioko dutelakoan,  urteak daramatzagu ostegunero Andra Mariko elizpean pankarta atzean. Urtero antolatzen ditugu ekintzak arazoaren 25ean eta matxoaren 8an baina, erasoak gertatu direlako berriak entzutean inpotentzia, ezintasuna eta etsipena sentitzen ditugu.

Heziketak emakumeon egoera aldatuko zuen itxaropenean be bizi izan gara luzaro. Egia esan heziketak ate asko zabaldu dizkigu. Neurri baten, bazterkeriarako giltza den ezjakintasunetik libratu gaitu. Baina zoritxarrez heziketak ez gaitu oraindik indarkeria matxistatik libratu. Badugu zer jorratu arlo horretan be.

Halan da ze, gizon zantarrak solte dabiltzan bitartean, ZUTIK EMAKUMEOK.

Indarkeria matxistaren aurrean: ezin dugu etsi, baizik eta borrokari eutsi, bihar edo etzi. benetan gura badugu, askatasuna jadetsi.

Marisa Barrenaren sutabea "Beldurra" www.durango.com 2013/09/29

No hay comentarios:

Publicar un comentario