Harriak ditugu baina ez dugu herririk.
Harriak ditugu
boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko
betirako etxerik.
Harriak ederragoak al dira
harresian?
(J. Sarrionandia)
Mende laurden bat igaro da dagoeneko Berlingo Harresia erorarazi
zutenetik.Egun esanguratsu honetan oraindik zutik dirauten hainbat
harresi datozkigu burura. Ahaztezinak 2.500 km dituen Mendebaldeko
Saharako Lotsaren Harresia edo, Zisjordaniako horma, israeldarrek
«segurtasun hesia» eta palestinarrek «apartheid hesia» deitzen diotena.
Aipatutakoak
ez eze, badaude zutik dirauten beste mota bateko harresiak be, esate
baterako, pobre eta aberatsen arteko harresia, egunetik egunera
gotortzen ari zaiguna. Gizon eta emakumeon artean ditugun harresiak ere
ez dira makalak izaten zenbait kasutan, dantza tradizionalen esparruan
esate baterako.
Zorionez baina, zenbait sortzailek harresiak
egiteko baino ikuskizun ederrak eraikitzeko erabiltzen dituzte poltsiko
zulatuetako harri bustiak eta txiri-txiri sortze lan ederrak eskaintzen
dizkigute, horixe izan da adibidez Maritzuli konpainiaren ekimena.
Euskal Herriko eta Europako ezpata-dantzen ereduan oinarrituta, XXI.
mendeko dantza sorkuntza moduan aurkeztu du Maritzulik San Martin
ezpata-dantza, haien esanetan: "Dantza tradizionalaren modeloaz
inspiratua, transmititua izan zaigun bezala, ohituraren indarra
errespetatuz".
Irudimena, kolorea, erritmoa, armonia, trebezia
eta normaltasuna erakutsi dute adin ezberdinetako dantzariek. Bi taldek
osatu dute San Martin ezpata-dantzaren segizioa: batetik 37 neska eta
mutilez osatutako dantzari taldea izan da, eta hauen ondoan 24 haurrek
osatu dutena. Sustraiak baztertu barik, gizon eta emakumeen arteko
bereizketarik gabe, ezpata-dantzari genero marka ezarri barik, traje
berria egin diote Maritzulikoek dantza tradizionalari eta dantzariz bete
dituzte Biarritzeko plaza eta karrikak azaroaren 9an.
Biarritzetik
bueltan neure kautan zera pentsatu dut: Nork jarri ote zion generoa
gure dantza tradizionalari? Nork esan ote zuen emakumeek ezin zutela
ezpata-dantzarik egin?
Marisa Barrena
www.durangon.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario