Aitzindariari omenaldia
Amaia Aroma durangar txistulariari omenaldia egingo diote Tuteran, bertako jaietako programa barruan, uztailaren 25ean. Berri pozgarria Durangaldeko txistulari familiarentzat zein parekidetasunaren alde dihardugun gizandreontzat.
Orain dela ia 60 urte, ez zen omenaldi eta famaren usainean mugitu Amaia, baina beretzat lain leku egiten saiatu zen. Biziki maite zuen musika-tresna jendaurrean jotzeko tokia egiten ahalegindu zen. Ez zen erraza izan, ez horixe. Helburua lortzeko, beste emakume askok lez, saiatu beharra izan zuen. 1959ko giro hartan, borrokatu beharra izan zuen oholtza gainean txistua jotzera heltzeko.
Zorionez, Amaia ez zen bakarrik aurkitu. Akulari handia eta ausarta izan zuen bere ondoan. Bere ahizpa Eskarne konplize bikaina suertatu zitzaion. Izan ere, Eskarnek idatzitako gutun baten putzari esker jo zuen Amaiak txistua Bilboko Arenalean, Aste Nagusiko txistularien kontzertuan, 1959ko abuztuaren 22an.
Horrela, Amaiak jendaurrean eta oholtza gainean txistua jo zuen lehen emakumea izatea lortu zuen. Harrezkero hainbat plaza, kontzertu eta dantza saiotan jo izan du. Gaur egun ez du jendaurrean jotzen. Omenaldien garaia heldu zaio 80 urteak bete dituen Amaiari.
Durangaldeko Txistularien omenaldi beroa jaso zuen 2015ean. Urte berean DEIA saria ere eman zioten. Hurrengo urtean, martxoaren 8an, Bilboko Felix Serrano eskolan egin zioten omenaldia ere ez zen makala izan. Hunkituta itzuli zen Amaia Bilbotik. Oraingoan berriz, Tuteran omenduko dute, bertako txistulari taldearen ekimenez.
Agur eta ohore Amaia. Goza dezazula Nafarroako Hegoaldean zure txistulari lagun eta adiskideen artean. Zorionak emakume txistularien aitzindari horri. Zulakoei esker, txiri-txiri, hariak harilkatuz harriak mugitzea lortuko dugu.
traba guztiak gaindituz oholtzan eginda lekua
txistulari askorentzako irakasle ta eredua
gaur aitzindari bihurtuz Amaia da omendua