domingo, 23 de julio de 2017

Dantza eta emakumeak/ El baile y las mujeres

Otxandioko aurreskua berreskuratu dute 82 urteren ondoren

   GIZARTEA  OTXANDIO

Otxandioko emakumeek gerra aurretik dantzatzen zuten aurreskua berreskuratu du Urduri dantza taldeak, eta atzo, uztailaren 22an, jaietako laugarren egunean, herrikideen aurrean aurkeztu zuten, Andikona plazan.
1936an Otxandio bonbardatu zutenean eten zen soka-dantza honen tradizioa. Ikerlariek diotenez, emakumeek lan egiten zuten jaietan, etxean zein gonbidatuak atenditzen. Uztailaren 22a, ordea, beraien eguna izaten zen. Emakumeak garbitokietan egoten ziren, eta errementariak, lanetik irteterakoan, haien bila joaten ziren. Plazara joan, eta errementariei soka-dantza hau dantzatzen zieten emakumeek.
Oiangurenen ekarpena
Duela 40 urte Santurtziko Flores anaiek Otxandioko folklorea ikertu zutenean abiatu zen  emakumeen aurreskuaren berreskurapena. Sabina Oianguren zen sasoi hartako dantzarien azken belaunalditik gelditzen zen bakarra. Dantzazale amorratu hark, 86 urte zituela ere, aurreskuaren mugimenduak garbi zituen buruan.Oiangurenek ikerlari santurtziarrei eta dantza taldeko beste kide batzuei pausoz pauso irakatsi zien bere oroimenean baino ez zegoen altxorra.




Emakumeen soka-dantza berreskuratu dute Sabina Oianguren dantzariari esker

   KULTURA  OTXANDIO
Otxandioko Urduri dantza taldeak emakumeen soka-dantza berreskuratuko du aurten, jaietan plazaratzeko. Ainhoa Lasuen Urduri dantza taldeko kideak dioenez, “koreografia ez da inongo asmakizuna. Otxandioko andrek utzitako ondare historikoaren berreskurapena da. Altxor bat”.
Santurtziko dantza talde bateko kide diren Mundi eta Andoni Flores anaiek 1980an Otxandioko folklorearen inguruko ikerketa egin zuten. Lan horretan murgilduta zeudela konturatu ziren, Otxandion, behinola, emakumeek soka-dantza dantzatzen zutela. Horrela, hainbat herritarren laguntzari esker dantza horren inguruko informazioa jaso zuten. Bide honetan, otxandiar baten ekarpenak garrarrantzi handia izan zuen. Sabina Oianguren soka-dantza modu zaharrean dantzatu zuen azken belaunaldiko emakumea izan zen. Flores anaiek Oiangurenek erakutsitako pausoak hartu zituzten oinarri moduan. Sasoi hartan Sabinak 80 urte inguru zituen, baina pausoak argi gogoratzen zituen, eta irakasle aritu zen, bai santurtziarrekin, eta baita herriko beste dantzari batzuekin ere.
Errementariekin lotura
Ikerketen arabera, Otxandioko soka-dantzak errementariekin lotura zuzena du. “Andrek ez zuten jaiak ospatzeko aukera handirik izaten, nahikoa baitzuten etxeko lanekin eta gonbidatuak atenditzen”, gogoratu du Urduri dantza taldeko kideak. Baina, jaien laugarren egunean, uztailaren 22an, emakumeak kalera irteten ziren. Errementariak lanetik irteten zirenean, garbitokietara joaten ziren emakumeen bila. Garbitokietatik ibilbide bat egiten zuten, eta momentu horretan, emakumeek gizonei soka-dantza dantzatzen zieten. Beste belaunaldi batzuetan, errementariak garbitokietara beharrean, elizaren irteerara joaten zirela jasota dago dokumentu historikoetan. Egun honi sukaldarien eguna esaten zaio, eta emakume dantzari hauei berriz, sukaldariak.
Ikasketa prozesua
“Santurtziko ikerlariekin harremanetan jarri ginen eta Gabonen aurretik ikasten hasi ginen”, dio Ainhoak. Musikan moldaketak egin dituzte eta jantzi egin dute.
Urduriko kideek diotenez, herriko emakumeek 1935ean dantzatu zuten soka-dantza azkenengoz. Izan ere, 1936ko uztailaren 22an bonbardaketak tradizioa eten zuen. Eraso faxistan hildakoak gogora ekarri guran, aurtengo jaietan, plazan beharrean, Andikonan egingo dute dantzan. Garbitokian hasiko dira, eta handik Andikonarako bidea egingo dute.  “Egun horretan bonbardaketaren ondorioz dantzan egin ezin izan zuten emakumeen omenez egingo dugu dantza”, dio Lasuenek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario