Sexismorik gabeko soinua
Marisa Barrena 27/08/2017
Ezin asmaturik gabiltza indarkeria matxistari zelan aurre egin. Ahaleginak egiten ditugu. Gomendioak ere heltzen zaizkigu. Halan zein holan, indarkeria hortxe dugu. Eraso sexistak ohikoak dira gure inguruan. Heriotzak ere bat baino gehiago, zoritxarrez.
Gaur trenean, neska gazte bi, irakasleak itxuraz, gai honetaz ari ziren. Belarria jarri dut eta nerabeek abesten dituzten kantek indarkerian izan dezaketen eraginari buruz ari ziren. Haien ustez, negargarriak dira zenbait abestiren letrak eta zerbait egin beharra dagoela esaten izan dute; “Bizi garen gizarte matxista honetan, tabernetan horrelako musika jarriz gero, gazteei ideia matxistak bidaltzen zaizkie, emakume eta gizonen berdintasuna aldarrikatu beharrean”.
Atoan, Agusen zutabea etorri zait burura. Izan ere, berak aipatu duen bezala Emakundetik musika eta abestiei buruzko gomendiok iradokitzen dira Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri Agus ez dago ados, antza. Zenbat buru, hainbat aburu.
Edozelan be, Emakunde ez da izan gai honi heldu dion bakarra. Esate baterako Café Tacvba talde mexikarreko kideek, publikoak ‘La ingrata’ abestia jotzeko eskatu arren, euren kantu arrakastatsuenetakoa jotzeari uko egin diote, abestiak sustatzen duen indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia garatu dutelako urteotan: “Askok esango dute kantu bat baino ez dela, baina kantuak kultura dira eta kultura horren eraginez jende batek sentitzen du beste norbaiti erasotzeko baimena duela”.
Egia esan, ‘La ingrata’ abestiaren letra ez da txantxetakoa
“Balazo pare bat oparitu beharko dizkizut, min egin dieza
Eta gehiago ez zaitudalako nirekin izango triste nagoen arren,
zurekin izango naiz zure hiletan”
Pentsatzen jarriz gero, nork ez du abesti matxistaren kantatu? Gure gazte garaian ‘El preso número 9’ erdi emozionaturik abesten genuen, harik eta konturatu ginen arte, zer ari ginen ozenki esaten:
“La maté si señor, y si vuelvo a nacer yo la mato otra vez.
… Padre no me arrepiento…”
Abesti bat baino ez da, halere, tantaka tantaka barneratu egiten ditugu mezu sexista horiek, eta gero gerokoak. Pausoak eman beharra dago berandu baino lehen, nik uste. Bide horretatik, Emakundek emandako urratsa, gabeziaren bat ikusten diodan arren (200 abestitik 24 kanta baino euskaraz ez izatea), garrantzitsua iruditzen zait. Eraginkorra izango den ala ez, geroak esango du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario