Durangoko Arte eta Historia Museoan Otsailaren 12an 18:00etan
ARGIAREN ALABA.
EUSKADI GAZTE LITERATURA SARIA 2015
Sinopsia
Mirarik hamazazpi urte ditu, aita
amerikarra eta ama euskalduna. Estatu Batuetan bizi arren, ama eta izeko Amaia
jatorri euskalduna mantentzen saiatu dira, betidanik, eta horregatik moldatzen
da primeran euskaraz. Gaitasun handiko nerabea izanik, ez du inoiz arazorik
izan letrekin eta zenbakiekin, baina berak dioen bezala, “adimena estatistiken gainetik
doanean, emozioak auskalo, eta bizipenak, estatistikoki altutzat hartzen den
adimena baino koska bi beherago, hegaldatzeak eskatzen duen abiada hartzeko
lurrik gabe sentitzen da bat”. Horregatik, etxean beretzat antolaturiko planei
aurrea hartuz, izeko Amaiarekin igaroko du 2013ko uda, aitita-amamen
lurraldean. Era bitxi batean, ordea: denboran salto eginez, bi mende eta
laurden aurretik, bertan hazitako neska idazle baten bizimoduan murgildu ahala,
datuak fikzio bihurtzen.
Argiaren alaba / Yolanda Arrieta / Egilea editore, 2014
Kritika. Eleberriaren sukaldea Javier Rojo / El Correo,
2014-10-18
Zer dela-eta ez da plazaratu liburu hau argitaletxe
konbentzional batean autoediziora jo beharrean? Argumentuaren abiapuntuan
izeba-iloba batzuek egiten duten bidaia dugu. Bidaia horrek Mirari deitzen den
iloba, 17 urteko gaztetxoa, bere arbasoen lurraldera eramango du Bizenta Mogel
idazle klasikoaren aztarnen bila. Eta izebaren eskutik idazle horren bila
dabilelarik, hari buruzko liburu bat idatziko du, non Bizenta Mogelen aztarnen
bila egindako bidaia kontatzen den…
Liburua hainbat arrazoirengatik da interesgarria.
Lehenengo eta behin, metafikzioaren alorrera hurbiltzen delarik, literatura
egiteko prozedurak nabarmendu egiten dizkigu. Nobela bat idazteko sukaldea
erakusten digu idazleak, literaturaren funtzionamendua ezagutzeko beharrezkoak
diren hainbat alor aipatuz. Bestalde, garai bat (Bizenta Mogelen garaia,
erregimen zaharraren gain behera gertatzen denekoa) begi bistan jartzen digu,
historia liburuetan dagoen informazioa bizirik sentitzen ditugun pertsonaia
batzuen marko moduan aurkeztuz eta Bizenta Mogelen itzala argituz. Eta
hirugarrenez, idazkerak berak ezaugarri interesgarriak ditu, erregistroak eta
forma dialektalak egoki erabili daitezkeela erakutsiz. Tira, liburuan dena ezin
daiteke perfektua izan, eta nire ustez azken bi zati laburrak (liburua lau
zatitan dago banatuta) pixka bat soberan daudela iruditzen zait, literaturaren
ikuspuntutik begiratuta behintzat.
Hori guztia kontuan hartuta, azken bolada honetan
euskaraz irakurri ditudan liburuen artean interesgarrienetako bat iruditu zait
Yolanda Arrietarena, eta berriro ere hasierako galdera etortzen zait burura:
Zer dela-eta ez da agertu argitaletxe komertzial batean? Espekulazioak baino
ezin ditut egin eta espekulazio gehienetan euskal literaturaren sistemaren
ajeak nabarmentzen dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario