lunes, 29 de febrero de 2016

Emakumearen gorputza eta gerrak

Pistola, fusil, tanke, granada eta bonbekin batera, emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria da mundu osoan barrena gerretan eta gatazketan gehien erabiltzen den arma. Sexu-indarkeria izan da eta da etsaia mendean hartzeko eta kontrolatzeko historikoki erabili den gerrako arma.
Azken adibideetako bat Jugoslavia zenaren lurraldean izandako gatazka dugu; bertan, Kroazian eta Bosnia Herzegovinan, emakumeen 60.000 bortxaketa salatu ziren.

Joan den otsailaren 1ean, Sepur Zarcoren epaiketa hasi zen, prozesu historiko bat, historian lehenbiziko aldiz leporatu baitzaie gerrako kriminalei sexu-indarkeria gerrako arma gisa erabiltzea. Izan ere, 1982an, Guatemalan, Gerra Zibil betean, 30.000 emakume bortxatu zituzten, haietako asko emakume indigenak, eta %98 kasutan Estatuko agenteak izan ziren bortxatzaileak.

Gaur egun, Europara bidaiatzen diren emakume errefuxiatuena da kasurik mingarrienetako bat. Batzuetan, errefuxiatuek berek egiten dizkiete sexu-abusuak, ziurrena taldearen barruan boterea irabazteko estrategia gisa. Eta, beste batzuetan, harrera-herrialdeko bortxatzaileek egiten dizkiete, etorkinak makurrarazteko eta adorea kentzeko.

Erakunde askok eskatzen dute ibilbide legezkoak eta seguruak prestatzeko, trafikatzaileak eta salerosketan aritzen diren mafiak saihesteko; eta, azken osoko bilkuran, Durangoko Udalak bat egin du erakunde horiekin, eta ibilbide seguruak eskatu ditu Europara bidaiatzen diren errefuxiatuentzat.

 Idoia Agorria
Anboto 2016-2-26
http://anboto.org/komunitatea/idoia-agorria/1456409592024

No hay comentarios:

Publicar un comentario