lunes, 29 de febrero de 2016

Neskato eta gizonen arteko ezkontzak

Marokok  adin txikiko neskatoen eta gizonen arteko ezkontzak legalizatu egin ditu oraintsu. Parlamentuan hartu dute erabakia. Adin txikikoen ezkontza legalizatze hau neskatoen mesedetan egiten omen da. Horixe da Mustafa Ramid ministro islamistak adierazi duena.

Parlamentuak hartutako erabaki hau gutxienez 5 urtez egongo da indarrean. Azken urteotan, neskatoen ezkontza hauek gora egin dute, ezkontza guztien %12ra heldu arte. Urtean 40.000 izan  daitezke, antza. Elkarte feministek salatu egin dute erabakia. Feministen ustez, lehen salbuespen zena, arau bihurtzen ari da.

Ministro gizonezkoak ez eze, Bassima izeneko ministro emakume baten adierazpenak ere harritu naute, haren esanetan bortxaketak eta adin txikiko neskatoen ezkontzak ez dira gai garrantzitsuak, ez larriak.  Profetaren aurkakoek bultzatzen omen dituzte aurkako jarrera horiek.  Profetaren emazte kutunak, Aishak, 6 urte zituen aukeratua izan zenean. Sei urte zituen profetarekin ezkondu zenean, dio Bassimak.

Destinu petrala Asiharena, nik uste. Zenbat Asiha haren ondoren?
Zoritxarrez ezkontza horiek, lege barruan edo legez kanpo, Marokon ez eze, beste toki batzuetan ere gertatzen dira. Hurbiletik ezagutzen dugu kasu bat;  Bilbon 5 uda igarotako Sahara kanpamenduetako 16 urteko neskatoa 40 urtetik gorako gizon batekin ezkonduta. Negar baino ez omen zuen egin Halimak ezkontza egunean. Negarrez ikusi nituen 10 hilabetez aterpea eta maitasuna eman zioten guraso bilbotarrak.

Zer egin eskubide urraketa hauen aurrean? Ez da erraza. Hurbilagoko indarkeria ere ekidin ezinda bizi gara. Gero eta ohikoagoa da?  Ala gero eta salaketa gehiago jartzen ditugu? Halan zein holan, feministok ez dugu etsiko,  harik eta helburua lortu arte.

Marisa Barrena
2016-2-19
 Durangon
http://www.durangon.com/opinion/neskato-eta-gizonen-arteko-ezkontzak/ 

No hay comentarios:

Publicar un comentario