ADELA
Adela,
gure
arabar lorea,
giputz arroka,
hi,
Bizkaiko burdina.
Hain sinple sinpleki
joan hatzaigu hi,
Adela geurea,
Adela herria,
Adela berria,
gure
Adela gorria.
(Gabriel Aresti)
Gure gorputza geurea delako, abortu libre eta doakoa aldarrikatu dugu aspalditik feministok. Gure ustez, abortatzea ez delako delitua, eskubidea baizik.
Gallardonek ostera, Espainiako sektore atzerakoeni presioei erantzunez eskubideen murrizketa eta urraketa dakartzan erreforma asmatu du. Borroka feministak 40 urtean lortutako eskubide sexualak bertan behera uzten dituen erreforma atzerakoia.
Zoritxarrez, nire garaiko emakumeok gogoan ditugu oraindik gure gaztaroko abortu klandestinoak eta ez dugu egoera hartara itzuli gura. Orduan, modu klandestinoan eta erabateko isilpean egiten ziren abortuak. Abortatzea debekatua, ilegala eta gogor zigortua izateaz gain, oso eginkizun arriskutsua eta garestia zen gainera.
Errepasoa eginez, egun hauetan gogora datorkit, behin eta berriro, Adela, Adela Ibabe aramaioarra, Arrasateko andereñoa. Gabriel Arestik idatzi eta Oskorrik gure plazetara eramandako abestiaren bidez ezaguna egin zaigun Adela.
“Adela gure arabar lorea”, legez kanpo eta modu txarrean egindako abortuaren biktimetariko bat izan zen. Adela garai hartako sistema politiko atzerakoi eta ilunak, moral faltsu eta zapaltzaileak, askatasun eta eskubiderik ezak hil zuen.
Adelari etxebizitza batean egin omen zion mediku batek ebakuntza. Baina gaua igaro eta etxera itzultzean txarto sentitzen hasi eta Arrasateko Ospitalera eraman zuten eta handik Gurutzetako Ospitalera. Ordu gutxira hil zen Adela, Barakaldoko eritegian. 1973ko otsailaren 11 zen. Adelak 28 urte besterik ez zituen.
Espainiako Auzitegi Gorenak emandako datuen arabera, 1976. urtean, ia 400 emakume hil ziren Espainian ezkutuan egindako abortuen ondorioz, hau da, ohikoa zen emakumeak hiltzea abortuak zirela-eta. Gainera, ez ziren edozelangoak izaten abortuekin lotutako auzietako inplikatuek jasotzen zituzten zigorrak; mediku, laguntzaile…eta abarrek.
Emakumeok ez dugu inondik inora aspaldiko egoera hartara itzuli gura. Ezin dugu horrelako atzera pausorik onartu. Ezin dugu “Adela gure arabar lorea”ren garai ilunetara bueltatu. Egoera larri eta ilun hori ezagutu dugunok ez dugu horrelakorik berriro nahi, ez guretzat, ez gure alabentzat eta hurrengo belaunaldietako emakumeentzat.
Horregatik abortatzea gure eskubide delako eta Gallardonen erreforma honek ez dituelako emakumeon eskubideak bermatzen, baizik eta, eskubideen kontrako eraso basatia delako ezin dugu ixilik egon, gure ahotsa jaso behar dugu eta lortutako eskubideei eutsi.
Blog de Marisa Barrena
2014/01/02
Vía http://talaia.durangon.com/
No hay comentarios:
Publicar un comentario